«Gizartearen iruditeria kolektiboan, euskal eskulturak ezin du gizonen izena bakarrik eduki, emakumezko eskultore pilo bat ere ari garelako lanean, orain, hemen». E3 Euskal Emakume Eskultoreak elkarteko presidentea da Amaia Conde Chiralt artista, eta Eskultoreak hemen orain erakusketaren irekieran egin ditu adierazpenok. Elkartea osatzen duten hemeretzi emakumezko artisten lanak bildu dituzte bertan, eta, erakusteaz gainera, ikusaraztea da haren helburua.